A. Aguirre y Aranzabal – AYA (Portalea Kultur Etxea – Armagintza Museoa)


ARKITEKTOA: Raimundo Alberdi Abaunz - 1936


1915. urtean, Miguel Aguirre eta Nicolás Aranzabal eibartarrek, Bartzelonan E. Schilling armagin alemanarekin prestakuntza jaso ondoren, Aguirre y Aranzabal arma-lantegia sortu zuten. Sorburuan karmeldarren komentutik hurbil kokatuta egon zen, hirigunetik urrun, tailer xume bat besterik ez zen garaian, Eibarko beste hainbat bezalaxe, eta bertan zortzi langile aritzen ziren lanean. Garai hartan, beste arma-lantegi batzuetarako piezak ekoizten jarduten zuen, nagusiki Víctor Sarasquetarentzat, Eibarko arma-fabrikarik garrantzitsuenetako bat baitzen denbora haietan. Pixkana-pixkana, negozioa gero eta errentagarriago bilakatu zen, eta urte batzuk geroago, enpresaburuak eta langileak hiriaren erdialdera lekualdatu ziren, Maiatzaren Bia kalera (gaur egun Julian Etxeberria dena), antzeko beste hainbat arma-tailer zeuden inguru batera. Han, Eibarko tailerrik aktiboenetako bat bilakatu zen.


I. Mundu Gerran Espainiak izandako jokaera neutralaren abagune paregabeari etekina ateratzen asmatu zuten, eta hala, 20.000 piezatik gora ekoiztera ere iritsi ziren. Halere, gerra zibilean arma-tailer hura suntsituta geratu zen, hiriko industria-ehunaren zatirik handienarekin gertatu bezala.



Plano fachada principal

1938. urtean, jabeek kokagune berri batera aldatzea erabaki zuten, Bista Eder izeneko ingurura. Erabaki hau, halere, enpresaren ibilbidean izandako beste aldaketa garrantzitsu batekin batera etorri zen, eta hala, beste enpresa batzuentzat osagaiak ekoizteari utzi eta armaren ekoizpen-prozesu osoa bere gain hartzea erabaki zuten, AYA markarekin merkaturatuz.



Aguirre y Aranzabal

Eskopeta osoen ekoizpenerako, halere, beharrezkoa zen Maiatzaren Bia kalean enpresak izan zituenak baino instalazio osatuagoak edukitzea, eta hori dela eta, eraikin berri bat eraikitzea agindu zuen. Lan hori Raimundo Alberdi Abaunz arkitektoari eskatu zioten; Eibarko eraikuntza-historiaren izenik emankorrenetako bat dugu bera, gerra zibilaren ondoren hiriaren berreraikuntzarekin hertsiki lotua.



Plano del primer edificio

Eraikin berriak 100.000 pezetako kostua izan zuen, haren egitura osoa hormigoi armatuzkoa zen, indartsua, moldagarria eta suaren aurkakoa, eta horri esker, etorkizunean handitu eta makineria astuna arazorik gabe instalatu ahal izango zuten. Hori eraikitzeko, enpresaren jabeek Frantziako eta Belgikako arma-tailerretara jo zuten inspirazio bila, eta hala, proiektuak hainbat aurrerapen garrantzitsu gehitu zituen, hala tiro-galeriak nola armak probatzeko eremu indartuak. Garai hartan, bertakoen nahiz kanpokoen miresmena piztu zuen lantegi berriak, eta bere arkitekturaren indarra eta instalazioen handitasuna goraipatuak izan ziren prentsan eta aldizkari espezializatuetan.





Gaur egun enpresa honek Otaola etorbideko instalazio berri batzuetan jarraitzen du bere bidea egiten. Bista Ederreko eraikina Eibarko Udalak erosi zuen, eta eraldaketa sakon bat egin ondoren, kultura arloko erabileretarako xedatu zuten. Portalean dagoeneko ez da eskopetarik egiten; izan ere, kultura-zerbitzuak eskaintzen dira: erakusketa-aretoa, hitzaldi-aretoa, bilera-aretoak, tailerrak eta, jakina, Armagintzaren Museoa, arma-bilduma oparoa eta Eibarren ekoitzitako produktuen aukera zabala biltzen dituena. Hemen, interesa dutenek 1.000 m2tik gorako erakusketa-aretoa ikus dezakete, eraikinaren bosgarren solairu osoa hartzen duena eta, halaber, Eibarko hiriaren ondarea eta memoria ezagutu dezakete, industria-tradizio handiko herria izan baita, bere historia osoa hartzen duen ibilbide batean murgilduz, XIV. mendetik gaur egun arte.



Edificio de Oficinas


Anemona Studioa, 2015, Eibar www.anemonastudioa.com
Ondartez www.ondartez.com