ARKITEKTO: Raimundo Alberdi Abaunz 1938-1960


1920ko irailaren 7an, Juan Solozabal Mendivek eta Juan Olave Bilbaok, Eibarko fabrikarik garrantzitsuenetako bat izandako Orbea Hermanos arma-fabrikan lanean ibili ondoren, Olave, Solozabal y Cª izeneko enpresa sortu zuten, eta handik gutxira oso ezagun egingo da beren produktuak merkaturatzeko erabilitako marka jakin bati esker: El Casco. Orbean lan egindako urteetan erdietsi zituzten trebetasun eta ezagupenak baliatuta, hasiera batean 32 eta 38 kalibreetako errebolber kulunkariak ekoizten aritu ziren, hiru marka erregistraturen bidez merkaturatuko zituztenak –Duque, Tejón eta El Casco–, eta lan horretan buru-belarri aritu ziren 1929. urteraino. Horretarako, tailerra zuten Txonta auzoan, piezak ekoizteko eta kontrolatzeko beharrezkoa zuten makineria guztiarekin: zulagailuak, laztabinak, tornuak, fresatzeko makinak, prentsak, otxabutzeko makinak, kopiagailuak, leuntzekoak eta bainu galvanikoak.


Grapadoras el Casco

Nolanahi ere, armagintzak 1920an bizi izandako krisiak bultzatuta, enpresa honek irteera berri bat bilatu behar izan zuen bere produktuentzat, bertako langileen trebetasunak eta beren fabrikan garatu zituzten teknika, teknologia eta makinak aprobetxatu ahal izateko. Era horretan, 1932. urtean, “cosepapeles” (grapagailu) M-15 modeloa sortu zuten, perretxikoaren irudi eta distira nikeleztatuaz mundu erdiko idazmahaietara zabaldu zena; harrezkero, Olave, Solozabal y Cª enpresaren izena eta El Casco markako idazmahai-gaiak ezagunak eta goraipatuak izango ziren mundu zabalean. Objektu honen arrakasta bere fidagarritasun mekanikoan oinarritu zen: armagin trebeen modura, ekoizleek zioten “grapek zehaztasun handiz joan behar zutela grapagailuan barrena, bala batek errebolber baten kanoi-zuloan barrena egiten duen legez. Enpresa beste objektu batzuk ekoizten hasiko da, hala nola M-500 modeloko zenbakitzaile automatikoa, baina halaber, zorrozgailuak, zulagailuak eta beste hainbat gai, ekoizpen-linea berri hau sendotzen lagundu zutenak.


Fotos del catalogo

Gerra zibilak inflexio-puntu garrantzitsu bat ekarri zuen enpresarentzat, gatazka horretan bonbardaketek suntsitu egin zituztelako enpresaren tailerrak, baita Eibarko industria-ehuna ere, ia oso-osorik. Orduan, bi erabaki hartu zituzten: ekoizpena kokagune berri batera, hiriaren erdialdera, eramatea, eta armagintza alde batera utzi eta 1932. urteaz geroztik oso emaitza onak ekarri zituen idazmahai-gaien ekoizpenari ekitea.
Dibujo edificio El Casco
Hala, Blas Etxebarria kalean industria-eraikin berri bat eraikitzeko erabakia hartu zuten, eta proiektu horren ardura Raimundo Alberdi Abaunz arkitektoak hartuko du, gerra zibilaren ostean Eibar berreraikitzearen erantzule eta Eibarko arkitekturaren izenik garrantzitsuenetako bat izan zena.


Dibujo edificio El Casco

Enpresaren ezaugarrientzat baliabide-ekonomia eta funtzionaltasun guztiz egokiekin 1938. urtean diseinatutako lehen tailer horri hainbat hedapen gehitu zitzaizkion berrogeita hamarreko eta hirurogeiko hamarraldietan, eta 1963. urtean egun duen arkitektura-garapena erdietsi zuen, 10.000 m2ko eremua duena. Era horretan, industria-eraikin bat baino askoz gehiago den osotasun bat sortu zuten, bazkideentzako eta langileentzako etxebizitzak ere baititu. Edifizioa Eibarko fabrika-tipologiarik zabalduenetako baten adibide garbia dugu: hormigoizko egitura eta oinplano errektangeluarra du lau solairutan, estalki dinteldu batez errematatua. Bao dinteldu zabalek puskatu egiten dute fatxadaren batasuna, eta era horretan, horma-errezel bilakatzen da, barnealdea argiztatu dadila ahalbidetuz, eta aldi berean, erritmoa eta konposizio-ordena ematen diote higiezin osoari.

Eta hori guztia, dekorazio landuagoa erabiltzen duela ahaztu gabe, sarrera nagusiko atearen hesira eta fabrikaren marka kokatuta egon zen ateburuko plaka murriztura mugatua; hain zuzen ere, “El Casco” markaren irudi horrek ospe handia ekarri dio enpresa honi.


Edificio El Casco


Anemona Studioa, 2015, Eibar www.anemonastudioa.com
Ondartez www.ondartez.com