ARKITEKTUA: Raimundo Alberdi Abaunz 1938


1938. urtean Pablo Soroa industrialariak Raimundo Alberdi Abaunz arkitektoari eskatu zion eraikin berezi hau egiteko, bertan bere tailer berriak kokatzeko. Enpresa hori XX. mendearen hasieran sortu zen aldameneko Elgeta herrian, eta bere lehen jarduera torlojogintza eta burdindegiko gaien ekoizpena izan zen, eskualdeko industria nagusiarekin hertsiki lotutako lanbidea izaki, hots: armagintzarekin. 1920ko hamarraldian enpresa hau Eibarrera joan zen, eta orduko beste tailer askok egin zuten moduan, tren-geltokiaren ingurunean kokatu zen: garai hartan, geltokiaren kalea, Estaziño kalea izenez ezagutzen dena, etxebizitza-eraikinen azpian kokatutako enpresa txikiz beterik zegoen.




Pixkana-pixkana, beren ekoizpena espezializatzen joango dira, eta 1932. urterako Hercules markako eskuko erremintak ekoizten jardungo du ia soil-soilik, puri-purian zebilen zapatagin-lanbiderako xedatuak gehienak. Urteek aurrera egin ahala, erreminten ekoizpena alde batera geratuko da eta diseinu berriak egiten hasiko dira, Eibarko enpresaburu guztien artean ohikoa den prozesuari jarraiki: manufaktura desberdinetan erdietsitako ezagupenak aprobetxatuko dituzte gero eta objektu espezializatuagoak sortzeko, langileen trebezia eta merkatuek eskatzen duten diseinu eta berritasuna elkarrekin uztartuz. Horrela, urteetan beren bezero izan ziren zapataginak alboratu gabe, zapaten orkoiak ekoizten espezializatuko dira, eta produktu horrek beren fama areagotzen lagunduko die; 1994. urtetik aurrera Heinza izenez merkaturako dute produktu hori. Horixe da, hain zuzen ere, Matsariako beren eraikina izendatzeko erabiliko den izena.


Trenbidearen beste aldean zabaltzen den “beste Eibar horretako” elementurik adierazgarrienetako bat izango da Pablo Soroa – Heinza tailer zaharra. Horrez gain, 1930eko eta 1940eko hamarraldietan Eibarko industriak bizi izan zituen eraldaketen lekuko ere bada, bai ekoizpen-alderdiei dagokienez eta bai fabrika eta tailerren eraikuntza-ezaugarriei dagokienez ere. Eibarko beste hainbat negoziok bezala, gerra zibilaren ostean, Pablo Soroak inflexio-puntu bat gainditu behar izan zuen: ejertzito errebeldearen bonbardaketaren ondorioz suntsituta geratu ziren bere instalazioak, eta kokagune berri bat aurkitu behar izan zuen bere enpresarentzat. Garai hartako beste industrialari batzuk bezala, Matsaria auzoan kokatzea erabaki zuen, trenbideak hirigunetik bereizitako ingurune batean, eta 1930eko hamarraldian hiriaren hazkuntza-gune nagusietako bat bilakatu zen: hainbat enpresa kokatu ziren han, esaterako, ABC, Acha y Basterra, Barrenechea, Olañeta y Juaristi – BOJ, baita Pablo Soroa bera ere.




Eraikin berria Raimundo Alberdi arkitektoak diseinatu zuen; gerra zibilaren ostean Eibar berreraikitzeko lanetan gehien inplikatutako teknikarietako bat eta gaur egun hiriaren irudia osatzen duten higiezin ugariren egile izan zen Raimundo Alberdi. Eibarren ohikoa eta zabala den tipologia bat osatuz, erabilera bi batzen dira tailer berrian: industria, beheko bi solairuetan, eta etxebizitza, goiko bietan.

plano edificio

Erabilera horiek uztartzeko, Raimundo Alberdik oinplano errektangeluarreko eraikin bat proiektatu zuen, hormigoi armatuzko egituraz gauzatua; nolanahi ere, Eibarko fabrika eta tailer gehientsuenetan ohikoak diren eta etorkizunean zabalkuntza bertikalak egitea onartzen duten terraza lauen aldean, Alberdik estalki-eredu tradizionalago bat aukeratuko du, lau isurialde eta teila laua dituena. Arkitektoak etxebizitzen eraikuntza-tradizioari egindako kontzesio bakarra da hori, gainerakoan higiezinak 1930eko hamarraldiko industria-arkitekturan ohikoak diren ezaugarriak erakutsiko baititu: barrualdeko argitasuna bermatuko duten leihate zabalak, eraikuntza-zurruntasuna, apaindurarik eza...



Hala, eskailera-kaxan banatuta dauden bao mailakatu eta dintelduak dira apaingarri bakarrak: espresibotasun handiko baliabidea da, tailerra berezi egiten duena eta Matsaria inguruan eta Eibarko higiezin guztien artean eraikinik bereizgarrienetako bat bilakarazten duena.



Anemona Studioa, 2015, Eibar www.anemonastudioa.com
Ondartez www.ondartez.com